XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2.- Bere haitzulotik, sartu den era berberean irten behar da.

Alegia, barrurantz begira sartu baldin bada, barrurantz begira ere irten behar da (atzeraka ibilki).

Betekizun hau, hildako baten arima agertzen denean ohiturak dioenez hartu behar den jarreraren berdina da, hots, beti aurrean ukatea.

3.- Ez jezarri Mariren egoitzan egon bitartean.

Harrigarriak baldin baderitzegu ere, hauexek dira Marirekin behar den kortesiaren arauak.

Indoeuropar mitologia aztertzetik etorriz gero, hirugarren puntua jainkosa nagusiari zor zaion errespetuaren erakusgarri eskasa irudituko zaigu: Indoeuroparren saietsetik, ekaitzaren sortzailearen aurrean ez luke gizonik egon behar lehenengo; eta egotekotan ere, belaunikaturik edo oraindik egokiago, ahozpez behar luke egon.

Baina ez da horrela, zutiturik egon behar da Mariren aurrean.

Bigarren baldintzari dagokionez Mari edozein anima erratu-ren kide azaltzen da horretan.

Eta lehen puntuaz zer esan daiteke?.

Bada, asko luzatu gabe, ez baitu merezi, euskal herri-gogoak eta euskal mitologiaren jainkoen irudirapenak indoeuropar gogo eta jainko-irudirapenekin zer ikusirik ez dutela, zeinbere muturrean kokatzen direla, bi mundu ezberdin eta kontrajarriak isladatzen dituztela.

Mariri hiketaz egin behar horrek beste ezerk baino hobeki marraztuko luke bi mitologien elkarrezina, hurbilezina.

Jainkozko eta gizazkoen arteko hurkotasunari buruzko atal hau amaitzeko hausnarketa bat oraindik: Indoeuropar mitologian somatu dugun urruntasuna komentatzerakoan aipatu ditugun bi pertsonai bakarrak, Romulo eta Herakles alegia, jainko nagusien seme ziren.

Errepikapen antzua ez balitz urruntasun berori azpimarratzeko ekarri genituzkeen jainkoekiko nolabaiteko hartuemana ukaniko beste pertsonaiak ere, jaun haundiak ziratekeen denak, jainkokume ez izan arren: Yayati, Zerura igo zen errege unibertsala, Eneas, Troiatik ihesi eta Erromako lehen hazia erein zuena, Paris, sagarraren hauzikoa, Starkathr gerlaria eta beste bakar batzu jainkozko nagusiekiko harremanetan izan dira zeinbere modu berezian.

Yayatik eta Parisek aurrez aurre izan dituzte jainkozko nagusiak; Eneasek jainkoek eragindako ametsak eduki ditu; Starkathrek bekatura bultzatuko duen Othin jainko nagusia izan du aurrean.

Topaketa bakoitzeko arrazoietan sakondu gabe, bi gauza daude argi: Yayatiren kasu itzeletik kanpo, guztiak jainkoen iniziatibaz Lurrean gertatutakoak direla, (...).